testu birsartua

Orri hau ipuinei buruzkoa da eta espero dut bertan agertzen den informazioa zuentzat baliogarria edo interesgarria izatea.

Unibertsitatearen kokapena


Tagzania: iratiiiii

Nire Power Point

2008-01-20

taula


Taula honetan, hilabetean zenbat blog kopuru irakurri ohi den portzentaien adierazpena agertzen da.

2008-01-07


Ipotxa, hartza eta sorginkeria


Negu gordin batean ama alabak gozo-gozo zeuden beheko suaren inguruan. Kanpoan elurra sendo zegoen. Norbaitek atea jo zuen, kax-kax!, eta neskatoak ireki: hartz bat zen, hotzak gogortzeko zorian zegoen hartz bat.

Hasieran etxekoak ikaratu arren, laster elkarren lagun egin ziren. Alabak kilikili egiten zion sudurrean animalia iletsu hari. Hartza animalia gozoa zen, baina artega zegoen.


- "Gustora nago zuekin baina joan beharra daukat ipotx sorginduek nire ondasun guztiak lapurtu baino lehen. Agur", esan zien etxekoei.


Egun horretan bertan, alaba egurretan joan zen basora eta han ipotx bat ikusi zuen. Bizar luzea zeukan, hain luzea ze zuhaitz batean kateatu zitzaion... Neskatoak askatu egin zuen eta orduan ipotxak zer esango eta: "Utzi pakean mukizu hori". Urrez betetako morral bat lurpetik atera eta alde egin zuen.


Hurrengo batean neskatoa azokara zihoala, ipotxa aurkitu zuen berriro. Arrano baten erpeen artean zegoen. Tiraka hasi zen neskatoa izaki ttipi hari lagundu nahian, tira eta tira, bereiztea lortu zuen arte. Ipotxak ordea, eskerrak eman beharrean, inon direnak esan zizkion: "Ume zorri hori! Arropa tarratadaz bete didazu". Zulo batean gorderiko zilar zakutoa hartu eta ospa egin zuen azkar-azkar.


Azokatik etxerakoan ipotxak eta neskatoak berriz egin zuten topo. Une hartan bertan hartz bat atera zen arboladitik eta ipotxari eraso egin zion.


- "Aska nazazu! Hezurra eta azala baino enaiz. Heldu neska eder horri, guri-guri dago eta".


Baina hartzak, di-da, ipotxa akabatu egin zuen. Hartz hura, etxean babes eske egondako berbera zen. Ipotxa akabatzeaz bat hartzari larrua erori egin zitzaion eta printze eder bat azaldu zen haren azpian. Ipotxaren urrea eta zilarra printzeari lapurtutakoak ziren, jakina.

Ilargiaren soinekoa

Behin batean Ilargiak, amarengana hurbildu eta, hauxe esan zion:

- "Aizu, amatxo, soineko bat eduki nahi dut. Lurreko biztanleek erabiltzen dituztenak bezalako soineko bat eduki nahi dut".

- "Ongi da, alabatxo -erantzun zion amak- Zoaz jostunarengana eta esaiozu neurriak hartzeko".

Joan zen, bada, Ilargia jostunaren etxera. Hark neurriak hartu zizkion eta handik bost egunera itzultzeko eskatu zion. Bost egun igarota, han joan zen Ilargia jostunaren etxera lasterka bizian. Soinekoa janzten hasi zen baina ezin: laburregi eta estuegi zeukan.

- "Dirudienez, erratu egin naiz", pentsatu zuen jostunak bere arterako, eta neurriak hartu zizkion berriro.

- "Itzuli bost egun barru"- esan zion Ilargiari.

Ilargia bost egun geroago itzuli zen, soinekoa jantzi eta berriro gauza bera gertatu zitzaion: laburregi eta estuegi zeukan.

Jostunak berriz ere neurriak hartu, handik bost egunera itzultzeko eskatu eta, beste barik, lanari ekin zion. Bost egun haiek igaro ziren. Jostunak soinekoa amaitu zuen baina Ilargia bere etxera sartzen ikusi zuenean....... ez zuen jantzi beharrik izan: bazekien ez zuela sekula ondo edukiko, une hartan Ilargia gazta bezain biribila baitzen.

Jostuna etsita zegoen erabat:

-"Ezin dizut soinekorik egin, Ilargi, orain laurdena, gero erdia eta ondoren osoa zaudelako. Neurri asko hartu arren inoiz ez duzu soinekoa ondo edukiko".

Horrexegatik geratu zen Ilargia soinekorik gabe eta horrexegatik dago oraindik ere biluzik.
Dena dela Ilargia, soinekoarekin edo gabe, beti eder.

ZEIN LIBURU

Istorio eta irudi batzuk besteak baino atseginagoak egiten zaizkie
haurrei. Komenigarria da, beraz, gure seme-alabak atseginago zein
dituen ohartzea. Zenbait gai gogoko egiten zaizkie haurrei,
esaterako: haurraren jokabide bera duen animalia batek bizi izandako
istoriotxoak, protagonistek bere beldurrei aurre egitea lortzen
dutenekoak, edota esan eta egin ezin diren gauzak umoretsu
agertzen direnekoak.
Ipuin zaharretan agertu ohi diren gertaera ankerrengatik kezkatu
egiten dira batzuetan gurasoak, otsoak Txanogorritxo jaten duenean
bezala, adibidez. Zenbait gertakizunek urduritasuna eragiten diete
haur batzuei, baina kontatu ahala atsekabea poz iturri bilakatzen
zaie protagonistak irabaztea lortzen duela ikustean. Bere beldurrei
aurre egiteko eta beldurra galtzeko aukera ematen diote haurrari
sorginek, otsoek eta gaizkileek.

LIBURUTEGIAN

Familientzako irakurketa gida lagungarriak argitaratzen dituzte
sarritan liburutegietako haur sailek. Ipuinen izenak nahiz ipuin argitaratu
berriak topa ditzakegu bertan, eta baita ere liburuak mailegatzeko
eta erabiltzeko arauak. Liburutegian zuzen eta zintzo
ibiltzeko arauok haurrek ere ezagutu ditzaten arduratu behar dira
guraso edota pertsona nagusiak. Hala, irakurtzeko plazerarekin
batera, liburutegiko beste erabiltzaileak errespetatzen ikasiko dute.

NORI GALDETU

Liburuzainek, irakasleek eta liburu saltzaileek badakite haurren adin
bakoitzari zein ipuin mota dagokion. Lagungarri izan ditzakegu liburua
maileguan hartzerakoan edota erosterakoan. Adinari dagozkion
horien artean, ordea, haurrari berari aukeratzen utzi behar diogu
erakargarrien gertatzen zaizkionak.

IRUDIAK

Haur aurre-irakurleentzako liburuetan zeresan berezia dute irudiek,
testuaren gainetik. Garrantzizkoa da, beraz, honakoak jakitea:
• Testuak aditzera ematen duenari buruz mintzatzen da irudia, baita
ez dioenari buruz ere.
• Irudiak marrazteko erabili diren era eta teknikei arreta jarriz haurraren
gustuak zeintzuk diren jakin dezakegu: akuarela, gouache, tinta,
koloretako arkatz eta argizariak, digitala, teknika nahasiak,…
• Testurik gabeko ipuina aitzaki ezin hobea da irudien gainean istorio
bat asmatzeko.