testu birsartua

Orri hau ipuinei buruzkoa da eta espero dut bertan agertzen den informazioa zuentzat baliogarria edo interesgarria izatea.

Unibertsitatearen kokapena


Tagzania: iratiiiii

Nire Power Point

2008-01-20

taula


Taula honetan, hilabetean zenbat blog kopuru irakurri ohi den portzentaien adierazpena agertzen da.

2008-01-07


Ipotxa, hartza eta sorginkeria


Negu gordin batean ama alabak gozo-gozo zeuden beheko suaren inguruan. Kanpoan elurra sendo zegoen. Norbaitek atea jo zuen, kax-kax!, eta neskatoak ireki: hartz bat zen, hotzak gogortzeko zorian zegoen hartz bat.

Hasieran etxekoak ikaratu arren, laster elkarren lagun egin ziren. Alabak kilikili egiten zion sudurrean animalia iletsu hari. Hartza animalia gozoa zen, baina artega zegoen.


- "Gustora nago zuekin baina joan beharra daukat ipotx sorginduek nire ondasun guztiak lapurtu baino lehen. Agur", esan zien etxekoei.


Egun horretan bertan, alaba egurretan joan zen basora eta han ipotx bat ikusi zuen. Bizar luzea zeukan, hain luzea ze zuhaitz batean kateatu zitzaion... Neskatoak askatu egin zuen eta orduan ipotxak zer esango eta: "Utzi pakean mukizu hori". Urrez betetako morral bat lurpetik atera eta alde egin zuen.


Hurrengo batean neskatoa azokara zihoala, ipotxa aurkitu zuen berriro. Arrano baten erpeen artean zegoen. Tiraka hasi zen neskatoa izaki ttipi hari lagundu nahian, tira eta tira, bereiztea lortu zuen arte. Ipotxak ordea, eskerrak eman beharrean, inon direnak esan zizkion: "Ume zorri hori! Arropa tarratadaz bete didazu". Zulo batean gorderiko zilar zakutoa hartu eta ospa egin zuen azkar-azkar.


Azokatik etxerakoan ipotxak eta neskatoak berriz egin zuten topo. Une hartan bertan hartz bat atera zen arboladitik eta ipotxari eraso egin zion.


- "Aska nazazu! Hezurra eta azala baino enaiz. Heldu neska eder horri, guri-guri dago eta".


Baina hartzak, di-da, ipotxa akabatu egin zuen. Hartz hura, etxean babes eske egondako berbera zen. Ipotxa akabatzeaz bat hartzari larrua erori egin zitzaion eta printze eder bat azaldu zen haren azpian. Ipotxaren urrea eta zilarra printzeari lapurtutakoak ziren, jakina.

Ilargiaren soinekoa

Behin batean Ilargiak, amarengana hurbildu eta, hauxe esan zion:

- "Aizu, amatxo, soineko bat eduki nahi dut. Lurreko biztanleek erabiltzen dituztenak bezalako soineko bat eduki nahi dut".

- "Ongi da, alabatxo -erantzun zion amak- Zoaz jostunarengana eta esaiozu neurriak hartzeko".

Joan zen, bada, Ilargia jostunaren etxera. Hark neurriak hartu zizkion eta handik bost egunera itzultzeko eskatu zion. Bost egun igarota, han joan zen Ilargia jostunaren etxera lasterka bizian. Soinekoa janzten hasi zen baina ezin: laburregi eta estuegi zeukan.

- "Dirudienez, erratu egin naiz", pentsatu zuen jostunak bere arterako, eta neurriak hartu zizkion berriro.

- "Itzuli bost egun barru"- esan zion Ilargiari.

Ilargia bost egun geroago itzuli zen, soinekoa jantzi eta berriro gauza bera gertatu zitzaion: laburregi eta estuegi zeukan.

Jostunak berriz ere neurriak hartu, handik bost egunera itzultzeko eskatu eta, beste barik, lanari ekin zion. Bost egun haiek igaro ziren. Jostunak soinekoa amaitu zuen baina Ilargia bere etxera sartzen ikusi zuenean....... ez zuen jantzi beharrik izan: bazekien ez zuela sekula ondo edukiko, une hartan Ilargia gazta bezain biribila baitzen.

Jostuna etsita zegoen erabat:

-"Ezin dizut soinekorik egin, Ilargi, orain laurdena, gero erdia eta ondoren osoa zaudelako. Neurri asko hartu arren inoiz ez duzu soinekoa ondo edukiko".

Horrexegatik geratu zen Ilargia soinekorik gabe eta horrexegatik dago oraindik ere biluzik.
Dena dela Ilargia, soinekoarekin edo gabe, beti eder.

ZEIN LIBURU

Istorio eta irudi batzuk besteak baino atseginagoak egiten zaizkie
haurrei. Komenigarria da, beraz, gure seme-alabak atseginago zein
dituen ohartzea. Zenbait gai gogoko egiten zaizkie haurrei,
esaterako: haurraren jokabide bera duen animalia batek bizi izandako
istoriotxoak, protagonistek bere beldurrei aurre egitea lortzen
dutenekoak, edota esan eta egin ezin diren gauzak umoretsu
agertzen direnekoak.
Ipuin zaharretan agertu ohi diren gertaera ankerrengatik kezkatu
egiten dira batzuetan gurasoak, otsoak Txanogorritxo jaten duenean
bezala, adibidez. Zenbait gertakizunek urduritasuna eragiten diete
haur batzuei, baina kontatu ahala atsekabea poz iturri bilakatzen
zaie protagonistak irabaztea lortzen duela ikustean. Bere beldurrei
aurre egiteko eta beldurra galtzeko aukera ematen diote haurrari
sorginek, otsoek eta gaizkileek.

LIBURUTEGIAN

Familientzako irakurketa gida lagungarriak argitaratzen dituzte
sarritan liburutegietako haur sailek. Ipuinen izenak nahiz ipuin argitaratu
berriak topa ditzakegu bertan, eta baita ere liburuak mailegatzeko
eta erabiltzeko arauak. Liburutegian zuzen eta zintzo
ibiltzeko arauok haurrek ere ezagutu ditzaten arduratu behar dira
guraso edota pertsona nagusiak. Hala, irakurtzeko plazerarekin
batera, liburutegiko beste erabiltzaileak errespetatzen ikasiko dute.

NORI GALDETU

Liburuzainek, irakasleek eta liburu saltzaileek badakite haurren adin
bakoitzari zein ipuin mota dagokion. Lagungarri izan ditzakegu liburua
maileguan hartzerakoan edota erosterakoan. Adinari dagozkion
horien artean, ordea, haurrari berari aukeratzen utzi behar diogu
erakargarrien gertatzen zaizkionak.

IRUDIAK

Haur aurre-irakurleentzako liburuetan zeresan berezia dute irudiek,
testuaren gainetik. Garrantzizkoa da, beraz, honakoak jakitea:
• Testuak aditzera ematen duenari buruz mintzatzen da irudia, baita
ez dioenari buruz ere.
• Irudiak marrazteko erabili diren era eta teknikei arreta jarriz haurraren
gustuak zeintzuk diren jakin dezakegu: akuarela, gouache, tinta,
koloretako arkatz eta argizariak, digitala, teknika nahasiak,…
• Testurik gabeko ipuina aitzaki ezin hobea da irudien gainean istorio
bat asmatzeko.

IPUINAK NOLA KONTATU

Gurasoek, eta baita haurra zaintzen duten gainontzekoek ere, sarritan
erabili ohi dituzten trikimailuak lagungarri izan daitezke ipuinak
kontatzean. Adibidez, purez betetako koilara haurraren ahora bidean
hegazkin bihurtzea.

Zenbait gomendio:

• Hasi aurretik irrika sortu, nahiz eta jadanik irakurritako ipuina izan.

• Pertsonaia bakoitzarentzako ahots ezberdinak erabili.

• Sentimendu ezberdinak adierazteko- alegia, ezustea, beldurra,
poza eta abar- ahotsa egokitu.

• Orrialdea pasa aurretik jakin-mina sortu.

• Keinuak ere erabili, kontatzeko tresna gisa.

• Haurrak ere parte har dezan, galderak egin.

•Irudietako gauza txikiei arreta jarri.

•Norberaren aipamenekin osatu ipuina, testu edota irudiez haratago
imajinatuz.

EGIN BEHARREKOAK

Irakurtzeko ordua jarri: kontakizun baten inguruan egunero elkartzeko
une benetan gozoa izan daiteke lo hartu aurretiko ordu erdia.
Elkarrekin irakurri: haurraren jakin-mina suspertzeko komenigarria
da ipuinak irakurtzerakoan galderak egitea.
14 Norberagandik ikasi: pertsona nagusia liburua esku artean edota
egunkari nahiz aldizkariren bat irakurtzen ikusten badute beraiek ere
irakurtzeko zaletasun handiagoa erakutsiko dute.
Liburutegitxoa jarri etxean: haurraren logelan liburuentzako apal
bat jartzea oso egokia da; garrantzizko lekua izango da helduok
balio berezia ematen dioguna, istorioen gordelekua eta ipuinak
aukeratzeko tokia.
Aukera eman: liburutegia oso egokia da haurrak liburuen ikusmiran
jardun dezaten. Liburuzainek adin bakoitzari dagokion irakurgaiei
buruzko aholku eman dezaketen arren, haurrari berak aukeratzen
dituen ipuinak irakurri beharko litzaizkioke.
Berezitasuna eman: liburu-dendara joatea txango atsegina izan
daiteke haurrentzat eta liburu bat erostea gertakizun liluragarri
bihur daiteke. Txotxongiloak eta antzeko ikuskizunak ere istorio eta
liburuetara hurbiltzeko aukera politak izan daitezke.

IRAKURTZEKO GOGOA PIZTEA

Irakurtzeak haurrei eragiten dizkien onuren zerrenda aipatu ondoren,
irakurtzeko gogoa pizteak eta zeregin hori familian burutzeak duen
garrantzia ulertzea ez da lan zaila.
Hiru urte inguruko haur gehientsuenei ezagun egiten zaizkie beren
adinerako argitaratzen diren ipuinak, bai haurtzaindegi edo haur
eskolatan dituztelako eta baita ere, beste panpina eta jostailu
hezitzailerekin batera, ohiko opari direlako. Orokorki, beren orrialdeetan
kolore distiratsuak dituzte ipuinok, kartoi sendoetan inprimaturik
daude eta haurrak oso erraz ezagutzen dituen irudiak
agertzen dira bertan: animaliak, eguneroko gauzatxoak, umeak eta
abar.
Hiru urtetik gorakoentzat, aldiz, Haur Hezkuntza garaian beraz,
gozamenerako irudi eta koloreak izateaz gain ikasketaren protagonista
ere bihurtzen dira ipuinak. Ipuinak irakurtzeak eta entzuteak
hizkuntzarekiko gogoa sortzen laguntzen baitio haurrari,
ezagutzarako nahiz jolaserako bide bezala erabiltzen ere bai, eta
esan nahiak, gogoak edota sentimenak adierazteko aukera
eskaintzen dio.

HAUR IRAKURLEAK

Goiz irakurtzen hasitako haurrek eta irakurtzeko ohitura dutenek
horrelako ohiturarik ez dutenek baino hizkera aberatsagoa izaten
dute eta arinago ikasten dituzte ortografia eta gramatika arauak.

Irakurzaletasun horrek mintzatzen eta irakurtzen jarioa eta zuzentasuna
ematen dizkie haurrei.
Buru azkarragoa dutela eta norberaren kultura aberasten dutela esan
liteke. Ariketa horrek eskolako ikasketa maila ere hobetzen
laguntzen die.
Haur irakurleaz zera esan genezake :
• Ikasle hobea dela.
• Kontzentratzeko gaitasun handiagoa duela.
• Irakurritakoa gogoan hartzeko eta buruz ikasteko gaitasun
handiagoa duela.
• Kontzeptuak arinago bereganatu eta ulertzen dituela.
Irakurketaren onurak eskolako ikasketa mailan bezala agertzen dira
bizitzako beste zenbait alorretan ere. Liburuen bidez zaletasunak
topa ditzakete, hainbat pentsaera ezagutu, sentiberatasuna garatu,
sormena suspertu eta abar.

LIBURUEN ONURAK

Haur baten hazkuntzan ez dira zalantzan jartzen zenbait eginbehar,
ongi elikatzea adibidez. Hala, gure haurren askarian fruta
sartzerakoan zein onura dituen dakigulako egiten dugu, pediatraren
aholkuei jarraiki edota familiaren elikadura ohiturak halakoxeak zirelako
haurra jaio aurretik ere.

Gure seme-alabari sagarra ematen diogunean badakigu bere bitaminak
onak direla osasuntsu hazteko. Eta irakurtzen animatzen
dugunean?
Liburuen bitaminak ezagutzen al ditugu?
Liburu batek:
Mintzamenaren garapena azkartzen du.
Irakurketa eta idazketa garairako laguntzen du.
Sormenerako bidea zabaltzen du.
Jolaserako adiskidea da.
Ingurua ezagutzeko era bat da.

FAMILIA ETA IRAKURKETA
Heziketa gaietan aitzindari ditugun zenbait herrialdek, irakurzaletasuna
sustatzerakoan, ezinbestekotzat jotzen dute familia haurren
irakurmena garatu ahal izateko. Seme-alabak hazteko eta hezteko
hain garrantzi handikoa den garaian, liburuekiko eta irakurketarako
gogoa piztu nahi bada, komenigarria da gurasoek ere ardura hori
beren gain hartzea, eskola eta liburutegiekin batera.
Beste herrialdetan, irakurketa sustatzean, haurrengan irakurtzeko
gogoa goiz pizteko indarrean jarritako programa batzuek familia
behar-beharrezkoa jotzen dute. Halako irizpidea du, esaterako,
Estatu Batuetan, Italian, Suedian, Erresuma Batuan eta, 2005etik,
baita Katalunian ere garatzen ari diren IRAKURTZEKO JAIOAK
deritzon programak.
Programa hauen emaitza ezin hobea da, izan ere, familia, eskola,
liburutegia eta osasun zerbitzuak eginkizun berean uztartzea lortzen
baitute, haurrak liburu eta irakurketara hurbiltzeko eginkizunean,
alegia.
Gaur egun hiru, lau eta bost urteko haurren gurasoek arduraz
zaintzen dute haien gorputz haziera, psikomotrizitate garapena eta
ulermen, mintzamen eta adimen gaitasuna, haur hezkuntzako arduradunen
zein pediatren laguntzaz eta eskura dituzten beste
baliabideei esker. Begi bistakoa da atalok direla, osoan, haurraren
izaera eta nortasuna egituratzen dutenak.
Baina nahiz eta haurren garapenaz jabetzeko inoiz baino informazio
gehiago duten gurasook, zailtasun handiak dituzte zeregin horretan
lan ordutegien eta bizimodu azkarregiaren eraginez. Irakurtzeko ohitura
sortzeko garaian komenigarria dirudi, beraz, etxean nola
irakurri asmatzea, helburua zein behar duen ohartzea eta onurak
zeintzuk diren jabetzea.